viernes, 23 de diciembre de 2011

SAN TOMASAK 2011

Gabonetako opor aurreko azken eguna iritsi zaie  ikasle saiatuei zein irakasle nekaezinei. Eta, zentro honen hasieratik egiten den modura, aurten ere jaialditxo animatua izan dugu. Badirudi gero eta hobeto ateratzen dela; batetik, jendeak ekintzetan gero eta gehiago parte hartzen duelako eta bestetik lotsa eta beldurra alde batera uzten ditugulako.  Aurreko sarrera batean esan genuen bezala, kirol arloan futbol eta saskibaloi finalak erabakita zeuden abenduaren 9ko "kirol egunean". Gaurko esku pilota finala geratu da eta jaialdirako prestatutako ekintza bereziak:  asto-lasterketa, txalapartariak, trikitilariak, txorizo eta turroi banaketa, mus txapelketa finala, ikasle bertsolariak, ikasle kantariak, ikasle dantzariak, lehiaketetako sari emanaldia, euskaraokea, irakasleen abesbatza..., hotzak ez gaitu kikildu, saltoka eta dantzaka ibiltzeko aukera paregabea izan baitugu.
Hemen duzue horren guztiaren proba

Ikusitako oro ateratzea ezinezkoa izan zaigunez, barkamenak eskatzen dizkizuegu gaizki egindako guztiagatik ez ezik, esan eta hartu ere ez denagatik. Prentsakoek Olentzerori eskatuko diogu daukaguna baino ekipo hobea, grabaketak egiteko erabili duguna dinosauruen garaikoa baita, bideoan argi antzeman daitekenez, imagenak ez dira lar onak, soinua eskasagoa. Zer egingo diogu, ba? Hurrengoan hobea!!!
 Hala ere, ezin ditugu aipamenik gabe utzi HNP(Hizkuntza normalkuntzako)ko kide guztiak, batez ere IZASKUN MARIÑELARENA, KARMELE ARRIETA ETA JOSEBA IBARRETXE, buru-belarri aritu direlako jaiaren inguruko prestaketetan, aurkezpenetan zein ikasleak animatzen, den-dena primeran atera dadin.


                           


Beste kamara batean izan ditugun argazki eta bideotxoak ere lortu ditugu hemen jartzeko. Ea zer deritzezuen.




Azkenik, ez dugu besterik falta GABON ZORIONTSUAK opatu baino, eta, noski, ALAI-ALAI ibili jaietan, jan-edanekin kontuz, badakizue, "larra txarra" esaerak esaten duen moduan. Datorren urtean ikusiko dugu elkar, 2012an   URTE BARRI ON!!!!!!  
3.mailako ikasle batzuk elkarri egindako Gabonetako postalak utziko dizkizuet.
Eta ea Olentzerok zer ekartzen dizuen!!!!!! Ondo portatu ez direnei....IKATZA!!!!

domingo, 18 de diciembre de 2011

LEHIAKETAKO ARGAZKIAK

Bukatu da argazki lehiaketan parte hartzeko epea; hori dela eta, iritsi zaizkigun guztiak aurkezpen batean sartu ditugu hemen ikus ditzazun, eta, noski, zure botoa eman dezazun. Zein iruditzen zaizu politena? Zein egokitzen zaio ondoen gaiari?, Zeinek hunkitu, zirrara sortu edo harritu zaitu gehien? Bada, ondoko galdetegian jarri beharko duzu zein zenbakitako 3 argazki izan diren zure ustez onenak dauden 65 horietatik. Animo!!! Irabazleak nortzuk diren San Tomasetako jaian esango da. ADI EGON!!! EMAN BOTOA

argazkien salda-lehiaketa2011


IRABAZLEAK:
Zaila izan bada ere, azkenean botoek erabaki dute. Lehenik esango dizuegu 4. maiako ikasle batek bidalitako hiru argazkiek lortu dutela botorik gehien, lehenengo gustukoen sailean, bigarrenean zein hirugarrenean. Baina, arduradunek erabaki dute sariak hiru pertsona ezberdinei ematea. Horrela, 
1. saria Amagoia Hernantesek lortu du bere hiru argazkiengatik. "Hostoak eta haien koloreak", "Uda badoa, udazkena badator", "Udazkena"

  



2. saria  Adrian Menciak lortu du  ondorengoagatik:

Vitoria

3.saria Maitane Heppek eraman du  segidako argazkiagatik:
                                                  Udazken soinu

ZORIONAK PARTEHARTZAILE GUZTIEI

jueves, 15 de diciembre de 2011

IRITSI DIRA FILMAK

Gogoratzen duzue orain dela hilabete eta erdi gutxi gorabehera 2DBHko ikasleak Briñasen egon zirela? Bada, ailegatu zaizkigu gure ikasleek han egin zituzten filmak. Hemen utziko dizkizuet arretaz ikus ditzazuen, zein zein baino hobe direlako. Eta, zuek zer uste duzue? Lehenengo, bigarrena, hirugarrena ala laugarrena aukeratuko zenukete? Jakin nahi baduzue zein den gehien gustatu zaizuena bete bideoen ondoren dagoen galdetegi labur hori eta Gabon ostean emango dizuegu arrakastatsuenaren berri. Zer deritzozue? Bozkatu ahaztu gabe!!!!!
BRIÑAS1

BRIÑAS2

BRIÑAS3
Zein pena! Dirudienez filmatxoak daraman musikak arazoak sortu ditu egileen eskubideak direla eta. Horregatik ezin izan dugu youtubera igo. Saiatuko gara beste bide batzuetatik hona ekartzen. Barkatu eragozpenak. Konpondu dugu!!!!!!! Hemen dago hirugarrena


BRIÑAS4


Denak ikusi dituzuenean bete ondorengo galdetegitxoa. Nik badakit zein aukeratu!!!


miércoles, 14 de diciembre de 2011

KIROL EGUNA ARRIGON

  Kirol eguna, bai, ondotxo entzun duzue. Aurten, aurreko urteetan ez bezala, KIROL EGUN berezia egitea pentsatu dute zuzendaritza taldetik, San Tomasetan futbol, saskibaloi eta kanporaketa guztiak egiteko denborarik ematen ez duelako. Horrela, goizean goizetik neska-mutilen arteko partidak egiteari ekin diote abenduaren 9an, tartean pilota eta herri kirolak izan direlarik. Pilota finala, ordea, San Tomas egunean,  ikastetxean abenduaren 23an ospatuko duguna, egingo da. laster emango digute jakitera egun horretako ekintzak zeintzuk  eta zein ordutan izango diren. Bitartean, gozatu KIROL EGUNEKO argazkiez. Ez gaude guapo, ala? Ea nor ausartzen den kontrakoa esatera!!!! Aupa neska-mutilak!!!!!! zuek bai sasoi onean!!!!!!



Hona hemen futbolean  irabazleen argazkia: batxilergo 2Bko ikasleak ( Danel, Iker, Imanol, Gorka, Iñigo,  Gaizka, Eneko)




Saskibaloiko irabazleak, ondorengoak:  4. DBHko eta Batxilergo 1eko ikasleak nahasian (Jon, Asier, Endika, Ana eta Julen)



viernes, 9 de diciembre de 2011

DURANGOKO AZOKAN IZAN GARA

 Aurten Durangoko azokak 46. edizioa bete du. Ohiko jendetzak izan ez badira ere, antolatzaileak pozarren dira 100.000 pertsonatik gora hurbildu direlako liburuz eta diskaz beteriko estandetara. Liburuetan arrakastarik gehien izan duena, egunkarien arabera, Harkaitz Canoren "Twist" eta Joseba Sarrionandiaren "Moroak gara behelaino artean"; musikan gehien saldu dena Berri Txarrak taldearen "Harian". Horretaz gainera, Ahotsenea eta Irudienea izeneko karpa berrietan ere saldoka azaldu da jendea proiektu zein hitzaldi edo ekimenetara.

Gure ikastetxeko bigarren mailako ikasleak ere hurbildu ziren, aspaldiko partez egiteko daukagun ohiturari jarraituz, . Han bertatik bertara ikusi ahal izan genituen modan eta arrakasta gehien duten idazleak zein musikariak, azpiko argazkietan ikus dezakezuenez: Unai Elorriaga, Pako Aristi, Gotzon Barandiaran, Xabier Mendiguren, Fernando Morillo...




           
Azokak azoka, gure asmoa ez da euskal kulturaraz -liburuez, diskaz-   urteko  tarte labur honetan soilik   gozatzea, egunero jardungo dugu ekinean  argitaratzen den zer edo zer hori irakurri eta entzuten, urteko edozein sasoitan.

lunes, 5 de diciembre de 2011

ZEU ERE IRAKASLE



Ikastetxeko HNPko arduradunek euskarari bultzada ematearren ekimen ugari jarri dituzte abian, urtero egiten den bezalaxe. Horien artekoa dugu "zeu ere irakasle"izenekoa: batxilergo bigarren mailako ikasleek  irakasle lanak hartzen dituzte, hiruko edo lauko taldeetan batuta, joko, iragarki eta jolasen bidez:  mihiluze, imintzioka, hitza-pasa, kantetako hutsunak betetzeko eta beste hainbat jolas eta ariketak dira DBH 1eta 2. mailakoei gehien gustatzen zaizkienak. Talderik talde, gustura aritu izan zaizkigu irakasle lanetan ibili direnak zein maila txikietako estudiante tunanteak, hori bai! EUSKARAZ, horixe baitzen ekimenaren helburua, ze pena da, itzela zinez, ia neska-mutil gehienak gaztelera huts hutsean bizitzako esparru gehienetan  aritzea; zer esanik ez ikastetxean. Behin adin batetik aurrera ohitura bihurtzen dute gaztelera, eta zail samarra egiten zaie euskaraz hitz egitea, ezpada klaseko irakasleekiko harremanetan. Ea kontzientzia hartzen dugun-duten, nahiz eta hasieran pixka bat kostatu, gure arteko harremanak sarriago euskaraz izan daitezen, berdin zer egiteko den: telefonoz hitz egin, dendan erosi, lagunekin haserretu, bakeak egin, txutxumutxuka aritu, maitasunez mintzatu....

Barkamenak eskatu nahi dizkiegu, HNPko saioak aurrera ateratzeko, klaseak bertan behera geratu zaizkien irakasleei, batzuei ez zaielako behar den bezala abisatu, eta beste batzuei, ekimenak laburragoak izango zirela   esan zitzaielako, eta, beraz, zain izan ziren jarduerak noiz bukatuko, haien klaseekin aurrera egiteko.

domingo, 4 de diciembre de 2011

MADRILETIK ZERURA






Hala dio esaerak Madrilez hitz egiten denean. Joan den astean, azaroaren 28,29an Madrilera joan ginen  bost ganbeluak zeruan geundela uste genuen, gastuak ordainduta ez ezik ikaragarri ederra eta aho bete hortz geratzeko modukoak ere bazirelako han ikusitakoak. "Eres joven, triunfarás" lehiaketan parte hartzeagatik gonbidatu gintuzten: Jon, Alex, Lyla ikasleak eta Bego eta biok irakasle-laguntzaile-saltserak.
 Trena goizean goiz Bilboko Abando geltokian hartu eta bost orduko bidaia luze baina atsegin baten ondorioz, Madrileko Chamartinera heldu ginen. Handik lau izarreko hotelera, Madrileko auzunerik dotorenean, ufff, hori nibela!!! Arratsalde osoa geure kabuz hartu genuen, paseoan kalerik kale ibiltzeko, baita etxean eta lanean eskatutako "Doña Manolitako  loteria dezimoen bila aritzeko ere. Zer esanik ez, ez ziren  Manolitarenekoak hartu genituenak, sekulako jendetza baitzegoen haren zain ateetatik bi kilometro luze zen ilaran, beste loteria saltokiko batekoa baizik. Edozelan ere, tokatuz gero, egingo dugu txanpainaz topa!

Afarirako  gonbitea ere ondotxo aprobetxatu genuen.  Hamabietarako lotara, goizean goiz esnatu beharra zegoen eta. Gosaria apain-apaina, denetarik zegoen, ummm, gozo-gozoa . Ondoren, O´Donell kalean dagoen "Circulo de lectoresen" egoitzara abiatu ginen, han izango baitziren hitzaldi, sari-banaketa eta beste. Interesgarriak Jose Antonio Marina filosofoaren hitzak. Are interesgarriagoak Desirée Njambok bere bizitzaz kontatu zizkigunak; Miguel Ángel Essomba UNESCOCAT-eko zuzendaria eta unibertsitateko Pedagogia irakasleak kultura aniztasunaz  eman zigun hitzalditxoa; David Andrade "hospital central"-eko aktorea; Dariel, "Operación Triunfo"-ko kantariaren aktuazioa; aurreko urteko irabazlea,... 
Loak hartutako ikasleak berbiztu egin ziren, irabazleen sari banaketa hasi zenean (Begoerena ez zegoen finalisten artean). 


Eta, luch momentua etorri zen segidan. Hura ere ondo pentsatutakoa, zerbitzariak kultura eta herrialde ezberdinetako jaki dastagarri eta gozoz beterik zetozelako  bata bestearen segidan.
Baina, Lylari galdetuko bagenio zein momentu gogoratuko lukeen bizien, seguro, hara joan zen "operacion Triunfo"-ko Dariel kantariarekin egindako  saioak aukeratuko lituzkeela edo kale erdian "operacion triunfo-ko"Manuel Carrasco kantaria aurkitu genuenekoa . Han jarri zitzaizkigun biek ala biek elkarrekin modan dauden abestiak gozatzen.  Zer uste? Artista daukagula gure artean?  Begiratu ondoko bideoa eta zuek zeuek juzkatu , nahiz eta soinuaren kalitatea eskas samarra den.

Jonek ere dantzari bikaina dela ondotxo erakutsi zigun, ondoko bideoan ikus dezakezuenez, nahiz eta musika entzun ere ez den egiten. Bideo hauekin, goiko argazki eta gehiagorekin ere Bego Ruanok film bat osatu du bere""avueltasconlalengua" blogean goza dezakezuena

viernes, 2 de diciembre de 2011

ARRIGORRIAGATIK ZUMAIARA

Azaroaren 22an, batxilergoko 1. mailako ikasleak Zumaiara joan ziren, Biologia-Geologia ikasgaiko irteera batean. Ana Perez Gavilanek, B1B taldekoak, bisitaldi horretako argazki eta azalpen interesgarriak bildu ditu bideo batean. Hementxe duzue. Ikusi eta ikasi!

AREITZ SOROAN 2.DBHKO IKASLEAK

Azaroaren azken egunetan, 21, 28 eta 29an 2 DBHko ikasleak Areitz Soroa izeneko zentroa ezagutzera joan ziren, Naturako arloko ekintzen barruko irteera. Felixek egin zien bideoan ikus dezakezue zein interesgarri iruditu zitzaien eta zein ondo pasatu zuten han.

"EL MIO CID" KOMIKIETAN

Hirugarren mailako ikasleak fin ibili dira Patricia Alonso de Leciñana eta Ainhoa Artesano Gaztelania irakasleek proposaturik "El mio Cid" izeneko Erdi Aroko narrazio poema luzearen komikiak egiteko. Helburua ondotxo lortu dute, irudien bidez historian gertaturiko pasarte ezberdinak primeran jaso dituztelako. Ikus itzazue hemen istorietako batzuk.





domingo, 20 de noviembre de 2011

MUNDUA ALDATZEN

Beldur barik, indarkeria sexistaren aurkako programak lehiaketak, topaketak eta hezkuntza ekimenak bultzatzen ditu, gazteen jabekuntza prozesua indartzeko.

Institutuko ikasle batzuk parte hartzen dute, irabazteko zeuen laguntza behar dute. Emaiezue zeuen botoa. Sartu, ikusi, entzun eta eman botoa.

MUSIKA: http://www.beldurbarik.org/2011/11/%e2%80%9causardiaz%e2%80%9d-beldurbarik/  abestia entzuteko klikatu Ausardiaz X.Aresti  behean agertzen da.

DANTZA:1.- http://www.beldurbarik.org/2011/11/beldur-barik-dantzan-beldurbarik.




2.-http://www.beldurbarik.org/2011/11/emakume-guztioi-beldurbarik/




"Madalen" taldeko dantzariak, 4.DBH eta 1Batxilergoko ikasleak, Iera Iragorriren ideiaz baliaturik Beldur Barik lehiaketan parte hartzea erabaki zuten, goian ikusten duzuen dantza ekimenaren bidez; Izan ere, emakumearen kontrako indarkeriaren aurkakotasuna agertzeko bururatu zitzaien ideia. Esperientzia ederra eta eraikitzailea izan dela diote dantzari gazteek. Bideoan, bikotekideen eskuetan hiltzeko zorian baleude bezala ari dira; dantzaren amaieran, kandelak amatatzean, bizia galtzen dute, tratu txarrak jasotako emakumeak irudikatzeko.
3.-"Emakume naiz eta"  Ander Arrestik idatziriko idazlana:
<a href="http://www.beldurbarik.org/2011/11/xxi-mendean-emakume-naiz-eta-beldurbarik/">“XXI. mendean, emakume naiz eta” #beldurbarik</a>

4.- Maite Luengo, Cristina Perez, Ane Arnaiz eta Adrian Menciak egindako kanta eta bideoa:


Gustuko badituzue  gure ikasleen lanak, sartu bakoitzaren estekan, eta bozkatu!!!!!








viernes, 18 de noviembre de 2011

ARGAZKI LEHIAKETA

Udazkenean gaudela eta,  konturatuko zineten paisaia eta inguruen ederraz, ezta? Bada, horiek denak biltzeko asmoa daukagu, zuek zeuek ateratako argazkiak jaso ondoren. Horretarako, ARGAZKI LEHIAKETA jarri dugu martxan. Ondoko orrialdean datozkizue oinarriak, sariak eta epeak, hau da, jakin beharreko guztiak. Arretaz irakurri eta kamara eskuetan, hala!! mendira, ibai ertzera zein etxe ondoko basora abiatu aztarnen bila. 
Hori bai, argazki guztiak originalak behar dute izan, eta moldaketa edo aplikazio bereziren batetik iragazi nahi badituzue, zeuen esku. Gero, argazkilaritzan adituak direnek, izaskun Mariñelarenak eta prentsa tailerrekoek, erabakiko dute zeintzuk diren zoragarrienak.

ARGAZKI LEHIAKETA

martes, 15 de noviembre de 2011

BATXILERREKOAK, BELGIKAN

Ikasturte honetan ere lehenengo batxilergoko ikasle multzoa, bi irakasleren laguntzaz, Belgikako lurraldeetara abiatu da, ingleseko proiektu baten helburuak gauzatzeko. Argi dago arrakastatsua izan dela erabat, ondoko lerroetan joan direneko ikasle batzuek esaten diguten moduan:

Larunbat goiz batean hartu genuen hegazkina, eta 3retarako bertan geunden, Belgikan. Ikasle asko han zeuden, geure zain, kartel izugarri batekin, ongietorri bero bat emanez. Lotsatuta geunden hasieran, baina bost minutu iraun zuen geure lotsak, elkarrekin hitz egiten hasi ginen arte.
Asteburu osoa igaro genuen familiekin, ekintza ezberdinak egiten, baina astelehena ailegatu zenean berriro elkartu ginen guztiok Antwerpen hirian. Bertan egun osoko txango bat egin genuen eta harreman sendoak egin genituen haiekin, erosketetan, jateko orduan, hiria bisitatuz etab.


Astea igaro ahala, ekintza ugari egin genituen, hala nola, lokatzez beteriko Herbereetako landa batzuetara joan edota Brujas hirira. Txango horietan, gure adiskidetasuna sendotu egin zen, baita elkar hobeto ezagutzeko aukera eman ere. Brujas hiria, bereziki, oso polita iruditu zitzaigun, ipuin batean geundela iruditzen zitzaigun.
Astea bere bukaerara ailegatzen hasia zen, eta azkenengo egunak topera aprobetxatu behar genituela ohartu ginen.
Ostegun gauean denok, taberna batean elkartu ginen. Han gau atsegina igaro genuen, denetarik eginez.
Guztion zoritxarrerako, ostirala ailegatu zen, azken eguna. Triste geunden guztiok, baina oso berezia egin genuen egun hori. Egunean zehar tailerrak egin genituen, sukaldaritza eta halakoak, Belgikako ohiko janariak eginez. Hori izan zen gure janaria, eta horren ondoren, afarirako jantoki osoa antolatu eta prestatu genuen.


Afalostean, aste osoaren amaiera zela eta, asko gozatu genuen. Irribarreak, dantzak, mozkorrak, eta kontatu nahi ez ditugunak ere gertatu ziren. Orduan bai jarri ginela triste, gaua amaitu eta etxera bueltatu  behar genuenean…
Larunbat goiza heldu zen, agur esateko ordua. Autobus geltokira joan ginen gure bertako senideekin. Autobusera igo eta ohartu baino lehen etxera bueltatzen ari ginen hegazkinez. Negarrak egon ziren arren, badakigu ez dela benetako agurra, geroarte bat baizik. Martxoan ikusiko dugu elkar berriro, eta nork daki zenbat gehiagotan ere.
 Maite zaituztegu lagunak J

                                         

miércoles, 9 de noviembre de 2011

BRIÑASEKO EGONALDIA-

Azkenean iritsi zitzaien  2DBHko ikasleei BRIÑASera joateko eguna




Bi ekintza desberdinak izan ziren egin beharrekoak: bata ZINEMA eta bestea HERRITARTASUNA.


Proiektuak egiteko hainbat ordu behar izan genituen. Alde batetik, zinema arlokook bideo klipa grabatzeko goiz eta arratsalde ekinean ibili ginen. Plano ezberdinak grabatu, makillatu, dekoratuak apaindu, gidoiak egin… Aaah!! Zein lan neketsua, baina hori bai alaia eta polita.



Bestalde herritartasunekook hiru talde handitan banandu gintuzten: Afrikakoak (txiroenak), Hego Amerikakoak (txiroak) eta herrialde aberatsak. Nazio arteko Erakunde Nagusia osatu genuen, bere lehendakariarekin, idazkariarekin eta nazio ezberdinetako ordezkariekin.


 Beraz, ikusten duzuenez hainbat gauza ikusi eta ikasi genituen. Baina seguru galdetzen duzuela, "ez zenuten jolastu?"  Nola ez!, arratsaldero, gauero eta atsedenaldi guztietan. Ludoteka handi bat genuen, eta dantzalekua ere bai. Futbolina ez bazen pinpona, edo karta jokoa, telebista, partxisa, xakea…  eta azken gauean DISKO FESTA !! Hori bai hori!, gau zoragarria izan zen, denok ondo jantzita, dotore, makillaturik, orrazturik, dantzaka eta kantuka.


 Pena handiz itzuli ginen etxerantz eta baten batek bueltatzerakoan negar ere egin zuen, ez dakigu hango begiraleak agurtzeagatik izan zen, (gure esker ona haientzat eta gurekin etorri ziren irakasleentzat), edo  norbaitek puzker handi bat bota ondoren sortu zen kiratsagatik (itotzeko modukoa izan zen).
Guretzat ERREPIKATZEKO moduko egonaldia izan da.
ZEIN ONDO PASATU GENUEN!  


Diskoteka, bai, baina ia-ia derrigorrean, nahiz eta gero primeran pasatu zutela ematen duen!. Txoritxo batek esan digu hasieran inork ez zuenez sartu nahi, zigorra jartzearekin mehatxatu behar izan zituztela! Bada marka! Halakorik entzuterik ere!  Argazkietan ikusten denez, ez dut uste inori errieta egin zitzaionik!!

sábado, 5 de noviembre de 2011

UDAZKEN KOLOREZ

Hilabete eta erdi da udazkena, udagoiena, larrazkena hasi zitzaigula, irailaren 21ean, hain zuzen. Harrezkero, eguraldiak ez du udako girotik aldaketa handirik egin, baina egunak joan egunak etorri, badoaz zuhaitzetako orri, hosto eta enparauak, bizitzari eutsi ezinik, lurreratzen. Naturaren koloreak ere indarra galtzen ari dira, pixkanaka-pixkanaka, aurten kostatzen zaion arren. Etorriko dira zuhaitz biluziak ikusiko ditugun egunak, haize firfira gozoak zelai koloretsuak asebeteko ditu hasieran, hotzak eta elurraren ukituaren daradarak eragin arte, paisaia mendre eta ikol utzi arte. Melankoliarako irudiak dira udazkenak ekartzen dizkigunak, zerukoek lurraren kolorea hartzen doazen heinean . Gero gerokoak! Datorrela negua hezur gaineko azala erauztera!
"Jon Miranderen kanta", FIACHRAS izeneko Tolosa- Beasain inguruko talde batek argitara eman duen bigarren diskotik hartu dut; Diskaren izena: "hiltzera goaz"
Taldearen zerbait gehiago jakin nahi baduzue, sartu ondorengo estekan, hor aurkituko duzue taldeari buruzko informazioa eta :http://www.bonberenea.com/fiachras-hiltzeragoaz.html

Zer iradokitzen digun udazkenak?  Sentimenduen aldetik oso erakargarria eta melankolikoa dugu urtaro hori, baina denok ez dugunez berdin pentsatzen, ikus dezagun gure erreportariek zer uste duten:

"Udazkena urtarorik politena da zalantzarik gabe.Udazkeneko kolore marroia asko gustatzen zaigu lasaitasuna adierazten duelako,  oso polita da hostoak erortzen ikusten direlako. Maitasunaren  urtaroa ere bada jendea muxukatzen ikusten delako. Nahiko tenperatura beroa egiten du. Baina oso giro atsegina sentitzen da. Udazkenean paisaia kolorez beterik ikusten da. Zuhaitzek nola hostoak galtzen dituzten ere  ikusi ahal da. Oso gutxi fata denez udazkena amaitzeko aprobetxatu egin behar dugu."
Aitor Zaballa & Saquib Ali


"Pasaden astean, prentsako ikasleak Dinamitara joan ginen udazkenarekin zer ikusia duten argazkiak ateratzera. Zerua hodeiz beteta zegoen eta ordu pare bat lehenago euria egiten hasi zen, hortik aurrera asteburu osoan euria ari zenez, alerta laranja egon zen.   
Heldu ginenean hosto gehienak jausi egin zirela ikusi genuen eta baso gehiena marroiztuta zegoela. Laranja, horia, baita berde pixka bat ere bazegoen.
Ahateak oso ondo pasatzen ari ziren hostoen artean eta lakuan zeuden bitartean,  atzetik  marroiztuta zeuden zuhaitzak ikusten ziren; beraz, paisaia izugarri polita zen. Lakuari buelta ematen genion bitartean bazterretan jausitako hosto asko zeudela ikusi genuen. Uretan hostoak igeri zeuden ahateekin batera.
Bidetik gindoazela dena lokatzez beteta zegoela konturatu ginen. Ah! zelan jarri zitzaizkigun  zapatak!"
Yeray Ramos & Arrate Zabala

"Nire ile luzea haizearekin mugitzen ari zait, eta nire bufanda berria lurrera erori da.
Orain konturatu naiz udazkena dela, hostoak erortzen hasi dira .
Hotza egiten hasi da, beroa joan baita.
Kolore berdinak ikusten dira leku guztietatik, marroixkak, orixkak, laranjak....
Txoriak abesten ari dira, haizeak hostoak mugitzen dituen bitartean.
Kale guztiak hostoz beteta; bestetik, gaztain erreen usain gozoa heltzen zait."
Maite Atutxa & Nerea Peña & Itxaso  Miguel
"Udazkena heldu da Euskal herrira, baina bere etorrerarekin batera beroa eta egun eguzkitsuak joan egin zaizkigu. Orain egun hotz eta euritsuak etorriko dira gure aberrira. Egunak beranduago hasiko dira eta lehenago amaituko dira,  beroa eta eguzkitsua bueltatu arte. Kalera ateratzen zarenean, lurrera begiratzean, hostoak ikusi ahal izango dituzu, baina hostoak  haien kolore normala galdu dute eta orain horiak eta marroixkak dira. Paisaia oso politak dira oraingoak nahiz eta  guztiok gustuko dugun eguzkitan eta hondartzan egotea."
Asier Arjona & Maria Castaño


"Iada udazkena heldu da.Udaren beroa alde batera utziz udazkenaren hezetasunari eta haize bortizkei lekua utziko diogu.Udazkenarekin batera hotza eta euria etorri zaizkigu Euskal Herrira. Laster negua etorriko zaigu elurrarekin batera, baina momentu hauetan udazkeneko zuhaitzen hostoen koloreekin disfrutatzen ari gara.Udazkenaren parte txarra zera da; festak bukatuko egingo direla; baina, alde positiboa paisaia ederrak nabarmentzen direla da.
Udazkenak tristetu egiten gaitu eta bizitzaren alde txarrak gogorarazten dizkigu.
Urtaro aproposa da mendira joateko perretxikoak hasita daudelako. Batzuetan, ordea,  udako egun beroak gogorarazten digu, eta horrekin batera zoriontasuna bueltatzen da."
Enero Gurtubai & Jon Del  Campo.

"Udazkena urteko urtarorik politenetarikoa da zalantza izpirik gabe. Udazkeneko kolore marroia, zuhaitzak hostorik gabe eta bideak hostoz beteta ikusteak ez dauka preziorik. Udazkena aurreratua dago jada, hostoak erortzen ikus dezakegu, lur busti eta umelaren usain freskoa nabari dezakegu. Hala ere, oraindik  egun batzuek udako egun beroak gogorarazten dizkigute; beste batzuk,ordea, neguan sartzen ari garela tenperatura hotzekin eta euriarekin. Nola izan daiteke hori? hau bai udazken arraroa! Paisaia oso polit dago, zuhaitzak gero eta hosto gutxiago dauzkate, bideak eta bazterrak multzo marroiez betetzen direlarik. Laster negua datorrenez, eta tenperaturak gero eta hotzagoak direnez, orain aprobetxatu behar dugu paisaiaren ederrez gozatzeko, mendian txangoak egiteko zein paisaiari argazki paregabeak  ateratzeko."

Garazi Zalbidea & Ander Arandia.






miércoles, 2 de noviembre de 2011

Musika sortzaileak

Musika, bai, musika, jende askoren pasioa! Musika klasikoa, rocka, jazza, rapa... mila estilo, mila doinu aurki ditzakegu gustua asetzeko. Eta, nola ez, gure ikastetxeko gazte gehienak dituzte belarrietan jartzeko tramakuluren bat etxean zein kalean maite duten kantarien doinuaz disfrutatzeko. Baina, entzun ez ezik sortzeko gaitasuna ere garatu duten ikasleak ditugu gurean. Hasiberria den Arrankudiagako talde baten interesak eta asmoak zeintzuk diren ezagut ditzazuen gure erreportari trebeek, Ander Arandia eta Garazi Zalbideak, elkarrizketxoa egin diete. Taldea ondorengoek osatzen dute: Unai Abrisketa, bateria; Iker Ibarrondo, baxua; Josu Urkijo,gitarra; Koldo Larizgoitia, gitarra. Duela gutxi hasi diren arren ziur gaude denborarekin  aurrera aterako direla.




















-Zein da taldearen izena?
Oraindik ez daukagu zehaztuta baina ideia batzuk ditugu: "A fuego", "Pulmón negro"...

- Nortzuk osatzen duzue taldea?
Unai Abrisketak, Koldo Larizgoitiak, Iker Ibarrondok, Josu Urkijok eta “El gran Punky Beñatek osatzen dugu.

-Noiz sortu zen taldea?
 2006an sortu zen, badira urte batzuk hasi ginenetik.

-Nola burutu zitzaizuen taldea osatzeko ideia?
Arrankudiagako lagun batzuek eman ziguten ideia.

-Zein musika tresna daude taldean?
 Bi gitarra elektriko, bateria, baxua eta abeslaria.

-Zein jotzen du bakoitzak?
Josuk eta Koldok gitarra elektrikoa; Ikerrek baxua; Unaik eta Beñatek, bateria eta abeslaria zehaztu gabea.

-Uste duzue  etorkizunean arrakasta lortuko duzuela?
Argi dago, gure talentua begibistan geratzen da kontzerturen bat ematen dugun bakoitzean.

-Kontzerturen bat eman ahal duzue?
Bai, Arrankudiagako jaietan eta Zolloko jaietan kontzertu bat ematen saiatuko gara, baina gero "viña rocken" eta horrelako ekitaldietan ere emango ditugu kontzertuak.

-Zer motatako musika jotzen duzue?
Gure musika punk estilokoa da.

-Zuen abesti propioak abestuko dituzue ala beste talde batzuen bertsio berriak sortzen dituzue?
Hasieran besteen abestiak  hasi gara kantatzen, baina urteak pasa ahala gure abesti propioak asmatu eta abestuko ditugu.

-Taldean beste pertsonaren bat hartu nahi duzue?
Ez, momentuz ditugun taldekideekin pozik gaude.


Zorte on!!!!

lunes, 24 de octubre de 2011

GORLIZEN IKASLEEKIN


Urtero egiten den bezala, Arrigorriaga institutuko 1DBHko ikasle guztiak hiru eguneko barnetegi moduko batera eramaten ditugu.  Ikasleak lau eskola ezberdinetatik datozenez, elkarrekin egon ez ezik, elkar hobeto ezagutu dezaten eta, azken batean, elkarrekin ondo pasa dezaten egiten da egonaldi hori. Aurten ikasle askotxo daukagunez, hiru talde eratu behar izan dira urriko lehenengo, erdiko eta azken asteetan. Gorlizko aterpetxea izan da aurtengo geralekua (beste urte batzuetan Dimako "lapurriketa" ) eta Troka izeneko enpresak antolatu dizkigu kirol jarduera guztiak, uretakoak tartean. Txanda gehienetan eguraldia lagun izan dugu, uretako eta kanpoko kirolak egiteko aproposa. Bigarren txandan, ordea, eguzkia nagusi izan bada ere, azken egunean euri zaparradak mendirako ibilaldia hondatu die ikasle gizajoei. Azken txandakoak falta dira. Ea aurrekoak bezain ondo pasatzen duten!!!

Lehenengo txandako argazkitxoak dituzu segidan:


 Bego Ruano irakaslea bigarren txandakoekin joan zen eta hemen utziko digu bere esperientziaren berri:

"Bai, bai, bai!, bai horixe, bizirik irten gara esperientzia honetatik. Gainera, berriro ere joango nintzateke, bitan pentsatu gabe ! Ay ene! Barkatu! Ez dizuet esan nor naizen, Bego naiz, zuentzat Bego Ruano.
Hiru egun zoragarri eman ditut 43 ikasle bihurri horiekin, 1. DBHkoekin(1C eta1Dkoekin)
Egia esateko beldurrez joan nintzen , denek esaten zidatelako gauetan ezin zitekeela lorik egin.  Baina. egia esan, ez da hainbesterako izan.  Ondoren labur kontatuko dizuet nire esperientzia eta iritzia:
 Oso goiz iritsi ginen  itsaso ondoan dagoen Gorlizko aterpetxe zoragarri horretara. Arrapaladan hasi ziren ikasleak  taldeak egiten eta gelak banatzen. Zein gela politak!!! Batez ere ganbara aldekoak. Mari Carmenek eta biok  sei oheko bat guretzat bakarrik izan genuen.
Bazkaldu ondoren hasi ziren  bodyboards, cars eta abarren ekintzak. Segidan, dutxatzeko tartea hartu zuten, beno, neskek “errestaurazio” lanari ekin zioten! Zenbat tresneri eraman zuten: iletarako plantxak, lehorgailua , makillajea,  ( ezin dut ulertu, duela gutxi kideek busti-busti eta ileak  lardaskaturik ikusi bazituzten!!!).
Beranduago, afari goxoa!  Ondoren, Mari Carmenek eta biok Plentziarainoko paseoa egin behar genuela pentsatu genuen; izan ere, ondo lo egin nahi bagenuen, gehiago nekatu behar genituen ikasleak. J Inoxoak gu! Zaratak, oihuak, tarratadak, galapadak, golpeak....Zer izan zen hura! Errieta egin arren gora eta behera ibili ginen ia gau osoan, nahiz eta niri grazia pixka bat ere egin zidan egoerak!
Hurrengo egunean ekintza gehiago goizez eta arratsaldez; gauean beste paseo txiki bat J
Arazoa bigarren gau horretan sortu zitzaigun: musika jarri genienean inortxok ere ez zuen dantzarik egin nahi. Ba, ezta pentsatu ere, goizean DISKOTEKA izango genuela esan bagenuen, ba diskoteka. Horregatik, udako kantak CD batean grabatu ondoren geletara joan nintzaien dantza egin zezaten, baina, KIA! Ez zegoen modurik. “Moskeatu” baziren, SENTITZEN DUT;  gu ere pixka bat haserre geunden.
Azken eguna iritsi zen. Behingoan! Euria bota ahalean izan arren, menditik ibilaldia egin zuten. Busti-bustirik eta lokatzez belaunetaraino ikusirik, zein pena ematen ziguten, gizagaixoak!
Azken bazkariaren ostean, etxerako itzulia etorri zen.  Gehienek ez zuten nahi itzuli, ezta nik ere!
Nire iritziz :
1.- Zoro maitagarriak zarete!
2.- Monitore eta abarrak primeran portatu ziren (ah! Esan behar dut monitoreetako bat erremerrea zela, ni bezala, baina ikasleek guapoa eta barregarria zenez ez zioten ezer esan! Hori injustizia!!)J
3.- A.M.Z. ( badaezpada: “asko maite zaituztet”)
Gorlizen egin dugunaren zati txiki bat baino ez dizuet idatzi hemen. Argiago izan dezazuen bideotxo hau utziko dizuet":)







Ea hirugarren txandakoak ere hemen jartzerik daukagun ONDO PASA!!!!!!

jueves, 20 de octubre de 2011

TERE URIBE-ETXEBARRIA ARRIGORRIAGA BHI-KO ZUZENDARIARI ELKARRIZKETA

Duela pare bat urte lotzen ditu Terek Marrazketa eta Plastika klaseak zuzendaritzan egotearekin. Hori dela eta, elkarrizketa xumea egin diogu bere irudiaz zertxobait gehiago jakin dezazuen.

Zenbat urte daramatzazu irakaslea bezala?
Guztira, uste dut, 24 urte daramatzala: urte bat Santurtzin, beste urte bat Mungian, hiru urte Getxon, bat Igorren, sei Bermeon eta hamabi-edo hemen.


Ze arlo ematen duzu edo dituzu?
Badaramatzat urte batzuk plastika besterik ematen ez dudala; baina, gainerako urteetan, marrazketa ere eman dut, nahiz eta ikasketez biologoa naizen.

Zenbat Ikastetxetan egin duzu lan?
Arrigorriagakoarekin kontuan hartuta sei ikastetxetan egin dut lan.

Zenbat urte daramazu zuzendaria izaten?
Hau hirugarren urtea da.

Lan gogorra da?
Bai, oso lan gogorra da.

Zer uste duzu behar dela zuzendaria izateko?
Jendeari entzuten jakitea batez ere; gero,  laguntzen jakitea ere oso inportantea dela uste dut,  agian interesanteena, erraza ez bada, beti ezin baita denen gustua bete.

Non ikasi zenuen euskaraz hitz egiten?
Institutuan ikasi nuen, eta zapatuetan aukerako klase  batzuetara  joaten nintzen gehiago ikasteko. Geroago Unibertsitatean ere ikasten jarraitu nuen.

Zer gustatuko litzaizuke izatea irakaslea ez bazina?
Ba beitu, gaztea nintzenean margolaria izan nahi nuen, edo artearekin zerikusia zuena. Oraintxe, ordea, ez dakit zer gustatuko litzaidakeen izatea, seguruenik bidaiak egitearekin zerikusia duen zerbait.

Azken galderak zuk hobeto ezagutzeko dira Hori dela eta, zer gustatzen zaizu egitea zure denbora librean?
Mendian ibiltzea, eta irakurtzea ere asko gustatzen zait.

Zein da zure autorerik gustukoena?
Ken Bruen asko gustatzen zait, Irlandesa da.                                   

Zein da irakurri duzun azken liburua?
Irakurri dudan azken liburua uste dut The Devil dela, Ken Bruen-ek idatzitakoa.

Azkenik, zein da zure gustukoen filma?
Ba ez daukat gustuko pelikularik, baina abenturazkoak asko gustatzen zaizkit.


Nerea Peña & Yeray Ramos

jueves, 6 de octubre de 2011

Elkarrizketa: Iker Galdeano


 IKER GALDEANO, ATHLETIK-EKO ATEZAIN GAZTEA
DBH 3. mailan dagoen mutikoa dugu Iker Galdeano, Arrigorriagakoa. Adi egon urte batzuk barru denon ezaguna egin daitekeelako; izan ere,  Athletic-eko jokalaria, lehoi gaztea dugu. Horregatik, denok ezagutu dezazuen, elkarrizketatxoa egin diogu.

- Zenbat urterekin hasi zinen futbolean jokatzen?
Zortzi urterekin.
- Ze posizioetan jolasten duzu?
Atezaina naiz.
- Futbolean etorkizuna duzula uste duzu?
Bueno, hori oraindik ikusteko dago baina nahiago nuke ikerlari on bat izan.
- Zenbat entrenatzen duzu astean zehar? Zenbat ordu?
Astean lau egunetan joaten naiz Lezamara, ordu bi egunean. Astean, zortzi.
-Zelan zure taldearekin?
Oso ondo moldatzen naiz nire taldekoekin.
- Ze taldeetan egon zara?
Etorkizunen, Paduran,  eta orain  Athletiken.
-Nola uztartzen  dituzu futbola eta ikasketak?
Futbola egunero praktikatuz,  eta ikasketak ere ondo daramatzat.
-Zenbat urte daramatzazu athletiken?
Bi  urte.
-Beste kirolen  bat  praktikatu duzu?
Bai, esku pilota.
-Institututik kanpo kirola ez ezik besterik egitea duzu gustuko ?
Bai, astia daukadanean play station-arekin jolastea gustatzen zait.
-Futboletik kanpo, zer gauza duzu gustuko?
Neskak ,mendira joatea eta nire lagunei zirikatzea.
- Zenbat txapelketa irabazi dituzu zure  bizitza osoan?
Galeako txapelketa, Euskadiko txapelketa, Bizkaiko liga, Abadiñoko txapelketa  eta Galdakaoko txapelketa.
-Zein izan da zuk jokatutako txapelketarik garrantzitsuena?
Ba, ez da erraza haibeste txapelketen artean aukeratzea, baina, nire ustez,  Londresen jokatu nuen txapelketa bat izan zen. Han bosgarrenak geratu ginen eta hori kontuan izanda talde on-onak jokatu zutela, Nigeriako selekzioa, Chelsea, Manchester city, beste batzuen artean.

Eskerrik asko denagatik.

Enekok eta Maiderrek egindako elkarrizketa.