domingo, 10 de febrero de 2013

INAUTERIAK EUSKAL HERRIAN


Euskal Herriko antzinako tradizioari loturik, herri txikietan nahiz hirietan ospatzen diren inauteriak egiten dira. Herri eta egun desberdinetan ospatzen diren erromatar garaitik datozkigun jaiak dira.

Eta Noiz ospatzen dira? Garizuma aurretik ospatzen dira tradizio katolikoa duten herrietan bereziki. Erdal hitzaren jatorria latinetik datorela ikus dezakezue: Carnaval hitza= Carne (haragi) levare(utzi). Hala bizkaierazko hitzaren jatorriak esanahi antzekoa luke: aratuzteak (haragia jateari utziko zaion aldia, eta inautek "inausi", kimaketaz izango luke zerikusia, udaberriaren etorrera ospatzeko garaiaz

Ikusgarriak eta ikaragarriak dira egiten diren kalejirak, dantzak, danborradak, antzerkiak, jolasak etab. Hemen herri batzuk aipatuko dizkizuegu, ea zer deritzozuen!!


zangozaikastola5.blogspot.com

Bizkaian: Mundaka eta Markinakoak dira aipagarrienak.
Mundakan igande inauterian, gizon eta mutil talde handi bat (atorrak) kaleratzen da, musika jotzen eta abesten. Zuriz  jantzita joaten dira guztiak, musika bandaren zuzendaria izan ezik. Aurpegia  bistan daramatenek  bibote eta papilote handiak pintatzen dituzte haien aurpegietan.
Markinan inauteri ospakizun bereziak daude. Zahagi dantza da ezagunena zortzi lagunen artean egiten dena. Horien aurretik hartzaren pertsonaia ibiltzen da, zaintzaile batekin, inguruko jendea izutzen. Antzara-jokoa ere zaldi gainean egiten den ikuskizun polita duzue.




Zuberoan: neguko maskaradak dira bereizgarrienak. Maskaradetan dantza ibiltariak, jolasak, txantxak, janzkera deigarriak, herriaren parte-hartzea, erakusketak, lanbideen antzezpenak, arraza baztertuen antzezpenak, eta musikarekin biltzen dira kalez kale. Bi talde ia antagonikoetan banatzen dira: batetik gorriak ditugu, dotore jantzita daude, ordenatuak dira eta dantzaren pauso eta mugimenduetan txukunak; eta, bestetik beltzak ditugu, desordenatuak eta maltzurrak direnak, ibiltariak zirikatzen dituzte, oihu egiten dute eta, noizean behin, barrikadak egiten dituzte.




Nafarroan:  Lantz ,Unanue, Ituren eta Zubieta dira aipagarrienak, itzelezko jaiak egiten baitituzte.
Lantzen astelehen eta astearte inauterian izaten da festa. Pertsonaia nagusiak Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko, Txatxoak eta Ferratzaileak dira. Miel Otxin lastoz egindako hiru bat metroko panpina da. Asteartean enparantzara eramaten dute Txatxoez inguraturik, eta han epaitu egiten dute. Tiroz hil eta lurrera botatzen dute erraldoia. Zatitu eta sua egiten dute haren gorpuarekin. Zortzikoa dantzatzen da suaren inguruan.
Unanun,  Mamoxarroak zuriz jantzitako gazteak dira, gerriko beltz edo gorriz, eta kriskitinak soinean, aurpegia metalezko  maskara batez estalita; inaute-astearteko arratsaldean kalera irteten dira makilaz armaturik, kalean harrapatzen duten edonor jotzeko. Muttuak emakumez jantzitako pertsonaiak dira, gehienak makilaz armaturik baina kolore biziekin jantzita eta kriskitinik gabe; herri afari batez bukatzen da inauteria. (erabili.com-etik hartuta eta moldatua)
Ituren eta Zubietan Joalduna edo zanpantzarrak dira pertsonaia tradizionalak. Herri bateko eta bestekoen janzkera desberdina da: iturengoek ardi-larru bikoitza eta zapi gorriak daramatzate soinean; Zubietakoek, ordea, ardi-larru bakarra eta zapi urdina. Guztiek eramaten dute isipua eskuineko eskuan eta kapela dotorea buruan. Txano horri Ttuntturroa esaten zaio. Horregatik ematen zaie joaldunek “Ttuntturroak” izena.


Gipuzkoan, Donostia eta Tolosa dira ezagunenak, eta gaur egun jende asko eta asko joaten da bi herri horietara.
Donostian: 1814 urtetik ospatzen dira, lehenengo erreferentzia historikoen arabera, konpartsa eta karrozen desfileekin, bereziki. 1924 urtean jokoa eta mozorroak debekatu eta frankismoaren garaia bukaturik, 1978 urtean hasi ziren berriz ere. Kaldereroen festa da entzutetsuena





Tolosan Inauteriak baserri giroari esker mantendu dira. Aipagarriak ostegun gizen eta ostiral melar egunak. Tolosa bera mozorro izugarria bihurtzen da. Zezenketak, karrozen desfileak, konpartsak, lehiaketak eta abarrek sekulako giro alai eta zaratatsua ematen diote herriari, Tolosa erreferentziako hiri-inauteri bilakatu dutena.

Araban Zalduondoko jaiak dira entzutetsuenak Markitos pertsonaiarekin, traje beltza eta gorbata eta guztiz jantziriko panpinak arrautza azalez egindako lepokoa darama; asto baten gainean paseatzen dute herri osoan zehar, gero sei metro luzeko makila baten puntan orduetan uzten dutelarik. Azkenik arratsaldeko saioan epaiketa egiten diote Markitos errudunari.




Aipatutako herri eta hiriez gain, gaur egun nonahi dauzkagu desfile, dantza, antzerki eta abar, negu gordinari agur esateko prest, natura bere lozorrotik esna dadin, antzinakoek egiten zutenaren antzera. Mozorroturik joatea da tokietako bazter guztietan jendeari gehien gustatzen zaiona. Gure ikastetxean ere, nahiz eta ekitaldi berezirik egin ez, ikasleek arratsaldean eta ondorengo egunetan biziko dutenearen keinu txikiak utzi dizkigute, nahi izan duten erara jantzita etorririk. Imajinazioa ez dute falta!!!!!


Aroa Elvira eta Julen Barcenilla

2 comentarios: